Bigarren Euskaraldiak parte hartzaileen hizkuntz ohiturei eragin zien
2020an egin zen, bigarrengoz, Euskaraldia; eta, antolatzaileen enkarguz, Siadeco ikerketa elkarteak ariketa sozial erraldoia aztertu du. Bigarren edizio hartan, 178.184 lagunek eman zuten izena, 2018an baino % 20,9 gutxiagok. Murrizketa horretan, COVID-19aren eragina nabarmendu dute. Lehen edizioan bezala, ahobiziak nabarmen gehiago izan ziren belarriprestak baino. Emakumeak ere, askoz ugariagoak: parte hartzaileen bi heren. Adinari dagokionez, 30-44 urte artekoak nagusitu ziren. Ikerketak erakutsi duenez, parte hartzaile gehienen helburua euskararen erabilera handitzea izan zen. Belarripresten kasuan, garrantzi handiagoa izan zuen euskaraz egiteko aukera berriak bilatzeak. Portaerei dagokienez, euskaraz ulertzen dutenekin euskaraz egiteko jokabidea izan da Euskaraldian gehien zabaldu dena. Lehen hitza euskaraz egiteko ohitura ere askok hartu dute. Bestalde, entitateen jarduna ere aztertu dute. Lehenengoz hartu zuten parte Euskaraldian, eta, orotara, 24.363 arigune sortu ziren Euskal Herrian. Ea aurten, azaroaren 18tik abenduaren 2ra egingo den hirugarren Euskaraldian, ondorio horiek guztiak hobetzen ditugun!