Munduan barrena, Korrika
Martxoaren 31n Amurrion abiatu ondoren apirilaren 10ean Donostian amaitzeko helburuarekin, Euskal Herrian harat eta honat dabil 22. Korrika. Haatik, ohi bezala, urrunago ere ailegatu da: beste behin ere, tipi-tapa, Korrika mundura jalgi da. Lehen-lehena Pariskoa izan da, martxoaren 12an egin baitzuten, baina atzetik etorri eta etorriko da beste pila bat. Bremenen, adibidez, martxoaren 27an egin zuten. Dena den, gehientsuenak apirilean izango dira: Helsinkin, Montrealen, Bartzelonan, Mallorcan, Sydneyn, Madrilen, Valentzian... Horrela, Boisetik Tokiora, Medellinetik Saharara, bost kontinenteetara helduko da Korrikaren lekukoa. Tartean, Etxepare Euskal Institutuaren sareko kide diren hainbat unibertsitate eta euskal etxetara. Izan ere, erakunde horren eta AEKren arteko lankidetzarekin euskara irakasten den munduko hainbat lekutan antolatzen dira Korrika “txikiak”. Horietako askoren irudiak, gainera, YouTubeko AEKren kanalean ikusi ahal izango dira, Korrika bideo lehiaketari esker. Adi, beraz, Korrikari eta munduari!