Artista mexikarren kezka, artelanak herrialdetik ateratzeagatik
Mexikoko kultur arloko ia 400 profesional Gelman Santander arte-bilduma Europara ekartzearen aurka agertu dira. Multzo artistiko horren kudeaketa1 zalantzan jarri dute eta gardentasun2 handiagoa eskatu diote Mexikoko Gobernuari. Bilduma hori herrialdeko arte modernoaren garrantzitsuenetakoa da: 160 artelan inguru biltzen ditu (Frida Kahlo eta Diego Riverarenak, besteak beste), eta orain Mexikon dago ikusgai. Banco Santander Fundazioarekin egindako akordioaren arabera, ordea, obrak Espainiako Faro Santander kultur zentro berriaren inaugurazioan erakutsiko dira datorren udan, eta mundu osoko museoetan ondoren. Fundazioak eta Mexikoko Gobernuak 2028an bilduma Mexikora itzuliko dela ziurtatu arren, maileguaren3 iraupenari⁴ buruzko argitasun ezak sortu du arrangura⁵, akordioak 2026 eta 2030 artean nazioartean erakustea ahalbidetzen⁶ baitu. Gurean, berriz, polemika Picassoren Guernica lanak sortzen du.
1. Kudeaketa: gestión (es), gestion (fr).
2. Gardentasun: transparencia (es), transparence (fr).
3. Mailegu: préstamo (es), prêt (fr).
4. Iraupen: duración (es), durée (fr).
5. Arrangura: kezka, ezinegon, ardura.
6. Ahalbidetu: posibilitar (es), rendre possible (fr).

