Pasahitz kaskarrenak dira erabilienak

Segurtasunaren aldetik pasahitzik1 okerrenak izan ziren 2025ean munduan gehien baliatu zirenak. Zehazki, 123456, admin eta 12345678. Hau da, pasahitz sinpleegiak eta, beraz, zibererasotzaileentzat goxoki hutsak2. Hori gutxi balitz bezala, lehen hamar erabilienen artean ere pasahitz eskas ugari: password, Pass@123 eta admin123, kasu3. Zibersegurtasun-alorreko NordPass eta NordStellar enpresek egiten dute pasahitz ohikoenen zerrenda, 44 herrialdetako informazioa erabiliz. 2025ekoak aurreko urteetakoen joerari eutsi dio; alegia, pasahitz ahulak gehiegi erabiltzen dira. Gainera, mundu osoko kontua da, herrialde gehienetan errepikatzen baitira pasahitz kaskarrak4. Adibidez, admin, 123456 eta 12345678 dira erabilienak Arabiar Emirerri Batuetan, Espainian, Mexikon, Txilen eta Txinan. Adinak ere ez du bereizketarik5 egiten: belaunaldi guztiek lehenesten6 dute erosotasuna segurtasunaren aurretik.
1. Pasahitz: contraseña (es), mot de passe (fr).
2. Huts: puro, -a (es), pur (fr).
3. Kasu: esaterako, adibidez.
4. Kaskar: nahiko txar, desegoki.
5. Bereizketa: distinción (es), distinction (fr).
6. Lehenetsi: anteponer (es), faire passer avant (fr).
