Aurtengo Herri Urrats 30 ikastolatan egingo dute
Maiatzaren 9an, 30 Herri Urrats Ttiki egingo dira Ipar Euskal Herriko ikastoletan. Osasun egoera dela kausa Senpereko ohiko hitzordu handia egingo ez denez, ikastola bakoitzak bere egitaraua osatuko du. Orotara, 30 ikastolatan egingo dute Herri Urrats Ttikia, Boga lelopean guztiak ere. Pandemia dela eta, iaz ezin izan zuten Herri Urrats egin. Aitzitik, Seaska Ipar Euskal Herriko ikastolen federazioak ezinbestekoa du jai erraldoiaren ekarpena. Horren erakusgarri, aurtengo helburua: Seaskaren bosgarren kolegioa eraikitzeko dirua lortu. Orain lau ditu, baina gainezka; ondorioz, behar-beharrezkoa dute berria sortzea. Bada, helburu hori betetzeko abiatu dute Boga izeneko egitasmoa (boga.herriurrats.eus). Haren bidez, kolegioa eraikitzeko beharrezko elementuak eros daitezke. Xedea 300.000 euro lortzea da, eta, oraingoz, 45.000 euro lortu dituzte. Bestalde, Ipar Euskal Herriko ikastolen familia emendatu egingo dela ere jakinarazi du Seaskak, datorren ikasturtean ikastola berria sortuko baitute Bardozen (Lapurdi), Xarnegu eskualdean. Seaskaren 38. ikastola izango da, eta lau haurrekin hasiko du ibilia.