‘Adur’, euskarazko rol joko berria
Euskarazko rol jokoetan dagoen gabeziari erantzun nahian, Eneko Azedok Adur izeneko jokoa sortu du. Euskal Herrian kokatua, Erdi Aroko historia eta euskal mitologia ditu oinarri: jokalari bakoitzak euskal mitologiako pertsonaia bat gorpuzten du, eta parean egokitutako gertaera historiko zein miragarriei aurre egin behar die. Langintza horretan, jokalariek istorioak asmatu eta garatu behar dituzte. Taldeka, hiru eta sei lagunen artean joka daiteke, eta, arau errazak dituenez, ez dago zertan aditua izan. Hots, helduentzat zein gazteentzat da egokia. Euskarazko rol jokoen hutsuneari erantzuteko ez ezik (Atopia euskara hutsezkoaz gain, euskarara ekarritako apur batzuk besterik ez dago), euskara sustatzeko eta historia eta mitologia modu dibertigarriagoan lantzeko ere sortu du jokoa Azedok. Jokoaren edukiak liburu batean jaso ditu, eta bertan daude jokatzeko beharrezko jakingarri eta elementu guztiak ere. Imanol Etxeberriak lagundu dio Azedori marrazkiak egiten, eta Eneko Sanchezek editore lanetan. Orain, crowdfunding kanpaina abiatu dute, jokoa ekoizteko ekarpenak jasotzeko.Itsulapikoa.eus atarian egin daitezke ekarpenak, eta hala egiten duenak jokoaren ale bat jasoko du.