Bizkaiko Golkoko antxoaren populazioa egoera onean dago

Bioman 2026 kanpainaren arabera, Bizkaiko Golkoko antxoaren egoera ona da. Behin-behinean1, 155.000 tonakoa2 da haren biomasa. Hau da, espeziearentzat ezarritako 26.600 tonako segurtasun biologikoko mugatik gora dago. AZTI zentro teknologikoak maiatzean egin zuen kanpaina, eta beste datu batzuk ere jaso ditu. Adibidez, aztertutako antxoen % 74k urtebete dute. Alegia3, arrain gazteen proportzioa handia da. Bioman Bizkaiko Golkoko antxoa-populazioaren egoera ezagutzeko kanpaina zientifiko nagusietakoa da, baina ez bakarra. Pelgas eta Juvena kanpainen emaitzak ere erabiltzen dira antxoaren egoera aztertzeko. Horrenbestez⁴, azaroan lortuko da antxoaren 2026ko biomasaren behin betiko⁵ estimazioa, kanpaina horien emaitzen berri jasotzen denean. Biomanen emaitza onak berretsiz⁶ gero, 2027ko arrantza-kuotak azken urteetakoen antzekoak izango dira.
1. Behin-behinean: provisionalmente (es), provisoirement (fr).
2. Tona: tonelada (es), tonne (fr).
3. Alegia: es decir (es), c'est-à-dire (fr).
4. Horrenbestez: por consiguiente (es), par conséquent (fr).
5. Behin betiko: definitivo, -a (es), définitif, -ive (fr).
6. Berretsi: confirmar (es), confirmer (fr).
