Argi-ilunak

Inguruotan, izango zela ez zekienik, gutxi. Izan dela ez dakienik ere, apenas. Ikusi ez duenik ere izango da, baita ikusi nahi izan ez duenik ere, baina abuztuaren 12ko arratsaldean betaurreko bereziak jantzita zerura begira jenderik ez ikustea, zaila. Ezohiko gertaera izan da eguzki-eklipse osoa, eta ikusgarria. Berez1 apartekoa apartekoago bihurtu dugu gizakiok, ohi denez. Onerako zein txarrerako. Sekulako ikusmina2 eragin zuen, eta dibulgatzaile, zientzia-elkarte, hedabideen eta beste jende askoren lanari esker, gure jakintza aberasteko aukera izan dugu. Alabaina, era berean, giza zorakeria noraino irits daitekeen ikusi dugu. Adibiderik garbiena, eklipsea ongi ikusten zen lekuetan ostatu hartzeko ordaindu diren orbitaz kanpoko prezioak. Are gehiago, 2027an Tarifa aldean (Andaluzia) ikusgai izango den eklipseak jada eragin ditu antzeko joerak. Ezohiko fenomenoak, gizartean ohikoak bihurtu zaizkigun ondorioak eragiten. Nolanahi ere, udako gertakari nagusitzat jotzea ez da zorakeria. Jakin arren eklipseak itzaletan utzi dituela beste hainbat gertakari, askoz izugarriagoak: migrazio-krisiak, klima-aldaketa, Trumpkeria gehiago...
1. Berez: modu naturalean, inork eragin gabe.
2. Ikusmin: kuriositate, jakin-min, jakiteko gogo.
