Martxa baten lehen notak

Milaka herritar elkartu ziren Euskaltzaleon Martxan, pasa den ekainaren 13an, Iruñean. Hiru zutabek zeharkatu zituzten hiriko kaleak, “euskaraz bizitzeko behar den dena” aldarrikatzeko. Hau da, ofizialtasuna, hizkuntza-politiketan egin beharreko jauzia eta euskaltzaletasuna. Euskalgintzaren Kontseilua “gustura” agertu zen mobilizazioaren emaitzarekin, berriro ikusi zelako “euskarari etorkizuna emateko herri-gogoa bizirik eta indartsu dagoela”. Erronka ere bota zuen Kontseiluak: 2036. urterako 300.000 euskaldun gehiago lortzea eta % 20ko erabilera-langa1 gainditzea. Erronka anbiziotsua, baina “aldi berean, egingarria2”. Euskarak premiazkoa duen Pizkunderako beste txinparta3 bat piztu zen, hortaz, Nafarroako hiriburuan. Horren harira, Kontseiluko arduradun Idurre Eskisabelek honela animatu zituen bertan bildu zirenak: “Jabetu4, ahaldundu eta antolatu, euskaraz bizitzeko behar den dena eratu arte. Ez ahaztu mundua euskararen kontra datorrela, baina guk mundua dugula euskararen alde. Eta esan dezagun ozen: Euskal Herrian euskaraz!”.
1. Langa: muga, tope.
2. Egingarri: egin ahal dena, egiteko modukoa dena.
3. Txinparta: chispa (es), étincelle (fr).
4. Jabetu: ulertu, ohartu, konturatu.
