Ikurrak, erabiltzeko
Berrogei urteren ostean, Espainiako Kopa irabazi dute Athleticeko gizonezkoek. Inor gutxi izango da, honezkero, horren berri izan ez duenik: garaipenak milaka zale poztu zituen moduan, ospakizunak milaka lagun mugiarazi ditu. Horren lekuko, Sevillako kaleak finalaren egunean, eta Bilbokoak aurrekoetan eta ostekoetan. Batez ere, berrogei urteren ostean, gabarra Bilboko itsasadarrean uretaratu zutenean. Milaka eta milaka lagun garaipena poz eztanda jendetsuan ospatzen. Irudi politak eta gogoangarriak utzi zituen egunak, baita nabarmentzeko beste hainbat kontu ere. Esaterako, Asier Villalibre jokalariak Bilboko udaletxeko balkoitik euskararen alde egindako aldarrikapena. Bestelakoan, euskarazko berbak nahi baino gutxiago entzun ziren ospakizunean: Athleticen “oinarri garrantzitsuenetako bat euskara” dela gogorarazita, “gure oinarrietako bat bizitza osoan eroaten” segitzeko eskaera. Edo gabarra, klubaren une gozoenen ikurra, hain maite eta desiratua, itzuli izana. Hori bai, Athleticeko emakumeek, duela ez hainbeste lez txapelketak irabaziz gero, gabarra ateratzeko aitzakiarik ez da izango, ezta?