‘Guka’ sortu dute Urola kostako zazpi hedabidek
Urolako Komunikazio Taldea osatzen duten hedabideek Guka sortu dute, eskualde horretako hedabideak bateratu dituen marka eta estrategia. Azpeitiko Uztarria-k, Azkoitiko Maxixatzen-ek, Zumaiako Baleike-k, Zarauzko Hitza-k, Orio eta Aiako Karkara-k, Urola Kostako Hitza-k eta Erlo telebistak osatuko dute Guka. Marka sortzeaz batera, eskaintza berritu dute. Hala, Erlo telebista Guka telebista izango da, esaterako. Era berean, sarean atari digitala izango du Gukak (guka.eus), eta Guka osatzen duten tokiko hedabideek ere telebista izango dute beren atari digitaletan. Gukasteka ere sortu dute, Zarauzko astekari digitala. Berritasun gehiago ere izango ditu Gukaren eskaintzak, Whatsapp kanala edota Guka aplikazioa, adibidez. Informazio eskaintza ez ezik, proiektua babesteko bazkidetza formula berriak ere sortu dituzte. Egitasmoa aurkezteko, Gukakide festak antolatzen ari dira azken asteetan, eta honako hauek dira datozen hitzorduak: ekainaren 7an, Azkoitian; 14an, Orion; eta 15ean, Zumaian.