Ekainaren 10ean, sorionekuak Iruñera!
Euskararen aldeko taupada gogor sentituko da Nafarroako hiriburuan hilaren bigarren larunbatean: herri mobilizaziorako deia egin diote eragile sozial eta politiko orori euskaraz bizi, ikasi, jolastu, mintzatu, barre eta amets egin nahi duten hainbat herritarrek. Horretarako, ordea, oztopoak egunero aurkitzen dituztela salatu dute, besteak beste euskara ikastea ez dagoela denen eskura eta hiztunek ez dituztela eskubide berak Nafarroan, posta kodearen araberakoak direlako. Halere, ez dute euskara kezkarekin lotu nahi, eta “zorioneko” izan nahi dute. Sorionekuak manifestua norbanako eta kolektibo askok sinatu dute dagoeneko, besteren artean Jon Moncayola eta Iker Vicente kirolariek, Amaiur Esparza musikariak eta AEK-k. Dena den, mobilizazio gehiago ere antzematen dira udazkeneko zerumugan, manifestazioa deitu baitu Kontseiluak Bilbon azaroaren 4rako. Hain zuzen, “euskararen biziberritzea helburu duten neurrien kontra auzitegietatik jasotako epaiak direla-eta kezka” agertuta. Hau da hau, ezin euskaraz lasai bizi!