Koko usaineko xaboia, eltxoen ziztadak gutxitzeko egokia?
Eltxoek zergatik heltzen diete pertsona batzuei beste batzuei baino gehiago? Ikerketa pila bat egin da arrazoia argitzeko. Berriki Virginiako Unibertsitate Teknikoan (AEB) egin eta iScience aldizkarian argitaratu duten ikerketan, xaboien eragina ikertu dute; zehazki, lau xaboi markak Aedes aegypti espezieko eltxo emeengan nola eragiten duten. Horretarako, hainbat boluntariok xaboi horiek erabili zituzten. Era berean, xaboien osagai kimikoak aztertu zituzten, eta denetik topatu zuten: eltxoak erakartzen nahiz uxatzen dituztenak. Ikertzaileek azaldu dutenez, substantzia kimiko askoren nahasketak eragina du eltxoen ziztatzeko joeran; adibidez, xaboien osagaiak gizakiok unearen arabera jariatzen ditugunekin nahasten direnean. Hau da, ez dute irtenbide zehatzik topatu. Halere, koko usaina omen da ikerketak utzi duen arrastorik argiena. Ikerketaren buru Clément Vinauger-ek esan duenez, “eltxoen gurekiko erakarpena gutxitzeko, koko usaineko xaboi bat aukeratuko nuke”.