Aroa Arrizubieta da Arabako txapelduna
Arabako Bertsolari Txapelketak txapeldun berria du: Aroa Arrizubietak estreinakoz irabazi du. Iragan martxoaren 16an jokatu zuten 2024ko Txapelketako finala, Gasteizko Principal Antzokian, 700 lagunen aurrean. Guztira, sei bertsolari: Aroa Arrizubieta bera, Peru Abarrategi, Manex Agirre, Paula Amilburu, Iñaki Viñaspre eta Asier Otamendi. Aroa Arrizubieta eta Manex Agirre igaro ziren buruz burukora. Bien arteko lehia estua izan zen, Arrizubietak puntu bakarreko aldea atera baitzion, amaieran, Agirreri: 614,5 eta 613,5 puntu bildu zituzten, hurrenez hurren. Hirugarren sailkatua Amilburu izan zen; laugarrena, Abarrategi; bosgarrena, Otamendi; eta, seigarrena, Viñaspre. Zorionak irabazleari, baita gainerako finalista guztiei ere!