Akira Toriyama hil da, ‘Dragoi bola’-ren sortzailea
Artistaren izena aski ezaguna izango da askorentzat. Haren lan arrakastatsuenarena, are ezagunagoa: Dragoi Bola manga eta animea. Martxoaren 1ean hil zen Akira Toriyama manga eta anime sortzaile japoniarra, 68 urterekin. Egun horretan zendu bazen ere, haren ekoiztetxeak, Bird Studios-ek, egun batzuk geroago jakinarazi zuen. Toriyama oso estimatua eta ezaguna izan zen mundu osoan. 1978an hasi zen marrazkigile, baina nagusiki bi lanek egin dute ospetsu: Dr. Slump manga eta animeak, eta, batez ere, aipatu Dragoi Bola-k. Mundu osoan, belaunaldi asko eta asko izan dira Son Gokuren eta gainerako pertsonaien abenturen jarraitzaile sutsuak. Euskarari dagokionez, hizkuntza politika ugarik baino emaitza hobe eta eraginkorragoa izan dutela esan daiteke: ETB1ek euskaraz eman zituen bai Dr. Slump bai Dragoi Bola, biak ere bikoizketa apartarekin. Hala, jende mordoa hazi izan da euskara bizi eta eraginkor hori entzunez eta erabiliz, hala euskaldunak nola erdaldunak. Shenron dragoiak berpiztuko ahal du maisua!