Larrahe gurtzen
Aranzadi zientzia elkarteak 2022an Larunben (Nafarroa) egindako aurkikuntza baten berri eman du oraintsu: K.o. I. mendeko baskoien aldare bat da, eta latinez idatzitako testu bat du, Valeria Vitella izeneko emakume batek Larrahe dibinitate baskoiari eskainitako eskertzea. Putzu sakon baten barruan topatu zuten, Doneztebeko monasterioko (XI. mendea) indusketa arkeologikoetan, Arriaundi mendiaren gailurrean (942 m). Harrizko pieza honek erakusten du erromatarren garaian inguru horretan dibinitate baskoiak gurtzen zirela. Aurkikuntzak berebiziko garrantzia du, iparralderago zabaltzen dituelako orain arte ezagutzen ziren Larraheren gurtza eremuaren eta baskoieraren lurraldearen mugak, non barduliarrak biziko ziren, ziurrenik. Ondorioz, aldare honek baskoieraren eta euskararen jatorria eta bilakaera hobeto ezagutzen lagunduko duela uste dute ikertzaileek. Noiz ezagutuko ote dugu gure hizkuntzaren jatorria?