Zirku erromatarra aurkitu dute Iruña-Veleian
Uda hasieran jakin genuen: Iruña-Veleiako aztarnategian zirku erromatar baten aztarnak topatu dituzte. Arkikus enpresak aurkitu ditu, kartografiari lotutako LiDAR teknologia, drone bidezko irudiak eta aireko argazki historiko eta garaikideak erabiliz. Aurkitu dutenaren arabera, “ebidentzia asko” dago zirku erromatarra dela pentsatzeko. Egitura 280 metro luze eta 72 metro zabal da, eta 5.000 bat ikusle bil zitzakeela ondorioztatu dute. Gainera, zirkuen bestelako ezaugarriak ere baditu: harmailak, ateak, zaldiak gordetzeko lekuak... Ikertzaileek nabarmendu dutenez, aurkikuntza “oso esanguratsua” da. Izan ere, Euskal Herrian ez da halakorik topatu lehenago. Nolanahi ere, euforia apaltzeko eskatu dute ikertzaileek, eta proiektuak erakundeen laguntza eta kazetarien pazientzia behar duela nabarmendu. Zirkuaren aztarnak ez ezik, hirigintzari lotutako elementu gehiago ere identifikatu dituzte ikertzaileek. Horrek erakusten du, haien ustez, erromatarren garaian leku garrantzitsua izan zela Iruña-Veleia.