Fuji mendiari argazki gehiagorik ez, mesedez
Japoniako Fujikawachiko herrian, nazkatu dira Fuji mendiari argazkiak ateratzera hurbiltzen diren turistekin. Horrenbestez, hesi bat ipini dute turisten argazki eta selfieak eragozteko. Fuji mendia (3.776 metro) aski ezaguna eta bisitatua da berez ere, eta Fujikawachikon mendiaren oso ikuspegi ona du. Batez ere, leku jakin batean: Lawson kateko denda baten kanpoaldean. Ondorioz, turista piloa bertaratzen da egunero argazkiak egitera, gehienak atzerritarrak. Turisten masifikazioak, ordea, arazo ugari sortzen ditu herrian: zaborra edonon botatzea, turistek zirkulazioa etetea argazkiak atera ahal izateko, espaloiak jendez pilatzea, semaforoak ez errespetatzea eta lursail pribatuetan sartzea. Hori guztia galarazteko, 20 metro luze eta 2,5 metro garai den hesi bat ipini eta sare beltz batekin estali dute. Horrela, hain toki berezian ezingo dute argazkirik egin turistek eta, printzipioz, bakea emango dute.