Zein dira okerren ahoskatzen diren markak?
Frantziako Tourra ahoskatzean, zenbati entzun diozue [tourra] esaten, [turra] esan beharrean? Izan ere, askotan, gurea ez den hizkuntza bateko markak ez ditugu ongi ahoskatzen. Hori aintzat hartuta, zerrenda bitxia osatu du Business Financing webguneak, okerren ahoskatzen diren markak jasotzen dituena, hain zuzen. Horretarako, Forvo.com atariko (hitzak nola ahoskatzen diren erakusten du) datuak hartu ditu oinarri: zein markaren ahoskerak izan diren entzunenak, zehazki. Datuok oinarri, zerrenda orokorra osatu du, baina herrialdez herrialdekoa eta/edo ekoizpen sektoreen araberakoa. Zerrenda orokorrari erreparatuz gero, Frantziako Société Générale da guztien artean lehena, 2,1 milioi entzunaldirekin. Jarraian datoz, hurrenkera honetan, Peugeot, Porsche, Tommy Hilfiger, Ikea, BMW, Citroën, Marlboro, Mercedes-Benz eta Louis Vuitton. Dena dela, urrutira jo gabe ere badugu non begiratu. Adibidez, zuek nola ahoskatzen duzue AEK? [aeka] ala [aek]?