Guka, Bilboko euskaltzaleen “plaza askea”
Euskarak Bilbon presentzia handiagoa izan dezan, Guka mugimendua sortu dute hiriko euskalgintzako hainbat eragilek eta kidek: Bira kulturgunea, auzoetako euskara taldeak, euskaltegiak, Berbaizu eta Zenbat Gara elkarteak, jaietako eragileak... Finean, hirian sakabanatuta lanean ari ziren euskalgintzako kideak batu egin dira, mugimendua Bilboko euskaltzaleen “plaza askea” izan dadin. Euskaraz eroso aritzeko mezua zabaldu zuen aurkezpenean mugimenduak, baita euskarak “boterea” behar duela azaldu ere. Gainera, Bilboko jai herrikoietan euskara sustatzeko eta euskal hiztunen eskubideak aldarrikatzeko kanpaina abiatu dute. Gukak bi ildo nagusi izango ditu. Batetik, lan sortzailea, hirian euskaraz ari diren lekuak indartzeko eta berriak sortzeko. Bestetik, euskararen aldarrikapena eta euskararen aldeko mugimenduaren gaineko hausnarketa. Beste eragile eta mugimendu batzuekin elkarlanean ariko direla ere nabarmendu du Gukak.