Arizonako altzifrea, gero eta inbaditzaileagoa
Arizonako altzifreak gero eta gaitasun handiagoa du penintsula iberiarreko baso espezieak murrizteko, klima aldaketak haren ahalmen inbaditzailea indar dezakeelako. Hori dio Madrilgo Unibertsitate Konplutentseak egindako ikerketa batek, zeinetan EHU Euskal Herriko Unibertsitateak ere parte hartu duen. Espezie hori, gainera, penintsulako erdialdean neguan izaten diren alergien erantzule nagusietako bat da. La Pedrizan (Guadarrama mendilerroko parke nazionala) egindako azterlanak frogatu du altzifre espezie horrek birsortzeko gaitasun handiagoa duela, heriotza tasa txikiagoak dituela eta muturreko lehorteetan bertako espezieek baino hobeto irauten duela. Horregatik erabili izan da eremu degradatuak berritzeko; La Pedrizan bertan, kasu, 1960tik 1970era. Ikerketak, ordea, bi ondorio garrantzitsu utzi ditu agerian: espezie horrek penintsula iberiarreko baso ekosistemetan duen hedapena kontrolatzeko neurriak hartu beharra, eta basoberritze proiektuetan bertakoak ez diren espezieak erabiltzearen arriskua.