Gasteiz Antzokia irekitzeko akordioa egin dute Udalak eta Lazarraga elkarteak
Konpontze bidean da Gasteizko Antzokiaren afera. Izan ere, Gasteizko Udalak eta Lazarraga kultur elkarteak, antzokia kudeatu behar duenak, akordioa lortu dute. Hitzarmen batean jasoko dituzte adostutakoak, eta antzokia irekitzeko eta orain arteko arazoak bideratzeko balio izango du. Horrenbestez, Kafe Antzokia lehenbailehen irekitzeko pausoak bilduko ditu itunak. Alea.eus atariak argitaratu duenez, laster hasiko dira jarduerak programatzen. Bestalde, antzokia itxita edukitzeagatik Lazarragak Udalarekin egindako 112.817 euroko zorra ordaintzeko modua ere adostu dute. Hala, bost urteko epean ordainduko du. Udalak, gainera, 325.000 euroko laguntza emango du jarduerak antolatzen hasteko. Gasteizko Udala pozik azaldu da akordioarekin, eta Lazarraga elkartea itxaropentsu. Duela urtebete zabaldu behar zuten Kafe Antzokia (Izaskun Arrue Kulturgunea du izen ofiziala), Ruiz de Bergara jauregian. Atzerapen horrek ekarri ditu, hain zuzen, orain onbideratzen hasitako arazoak.