Ordiziak hartuko du Euskal Eskola Publikoaren jaia
Ekainaren 2an, Ordizian egingo da 31. Euskal Eskola Publikoaren Jaia. Ohi denez, EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Konfederazioak antolatuko du, herriko eskoletako guraso elkarteekin batera. Ordizian, bi dira eskola publikoak, Urdaneta eta Oianguren; hala, Urdanetarrak Guraso Elkartea eta Oiangu Guraso Elkartea ari dira antolaketa lanetan. Aurtengo festak Publikoa ai do! leloa du. Goierrin, euskara batuko “ari du” aditza “ai do” esaten da. Horrenbestez, Euskal Herrian “publikoa ari duela” adierazi nahi dute leloarekin, eskola publikoa bere balioak zabaltzen ari dela. Aldi berean, hitz jokoa eginez, ingelesezko “I do” adierazteko ere balio du izenburuak, hots, publikoa “guztiok egiten dugula”. Herriko hainbat gunetan egingo diren ekitaldiekin osatua, ekainaren 2koa izango da hitzordu nagusia. Dena den, urte osoan ere ekitaldi gehiago antolatu dituzte. Egitaraua www.euskaleskolapublikoarenjaia.eus webgunean ikus daiteke.