Erresuma Batuan, pasahitz kaskarrak debekatuak
Erresuma Batuan, Internetera konektatutako gailu elektronikoek ezingo dute pasahitz eskasik erabili aurrerantzean, legeak hala ezarrita. Hau da, admin edo 123456 motako pasahitzak debekatuak egongo dira. Gutxieneko segurtasun ezaugarriak ezartzeko legeak onartu berri ditu Erresuma Batuko Gobernuak. Ondorioz, gailuak zibergaizkileen erasoetatik babesteko neurriak hartzera behartu dituzte sakelakoen edo bestelako tresna adimendunen ekoizleak. Gainera, erabiltzaileek pasahitz kaskarren bat erabili nahi badute, gailuaren softwareak ezingo die utzi. Zein dira pasahitz ahul edo arriskutsuak? Arestian aipatutakoen erakoak. NordPass webguneak (pasahitzak kudeatzen ditu) egindako azterketa baten arabera, 123456, password, QWERTY, Liverpool, 123456789, arsenal, 12345678, 12345, abc123 eta Chelsea dira Erresuma Batuan erabilienak. Beraz, halakoak ezin izango dira erabili, baldin eta legeak ezarritakoa ongi betetzen bada. Beharko: beste ikerketa batek jaso duenez, Erresuma Batuko etxe batek 12.000 eraso informatiko jasan ditzake aste bakarrean.