Ingurukoen gorputz usainak erosketetan baldintzatzen du
Ez produktuen kokapenak, ez dendako musikak. Supermerkatuan dauden gainontzeko pertsonen usainak baldintzatzen gaitu erosketak egiterakoan. Zehazki, jariatzen dituzten feromonek. Hala ondorioztatu du Valentziako Unibertsitate Politeknikoan (Herrialde Katalanak) egindako azterketa batek. Izaki bizidunok jariatzen ditugun gai kimikoak dira feromonak, eta ingurukoengan portaera zehatzak eragiten dituzte. Gure emozio egoeraren arabera, feromona ezberdinak jariatu ohi ditugu. Ikerketaren arabera, zoriontasunaren feromona usaintzen dugunean, janariak eta edariak azkarrago erosten ditugu, baita jantziak eta teknologiari lotutako produktuak ere. Hau da, gehiegi pentsatu gabe. Aldiz, feromona negatiboak adituz gero (beldur eta estres egoerek sortutakoak), prezioa da azkarren erabakitzen duguna. Ikertzaileen ustez, ondorio hauek salerosketarekin zerikusia duten beste testuingurutara estrapola daitezke. Hori bai, ingurukoen izerdi usain sarkorrak gure erosketetan izan dezakeen eraginaz ez dute ezer esan.