Araba Euskaraz ekainaren 11n, Lautada Ikastolaren alde
Iaz bezala, Olarizuko zelaietan egingo da aurten Araba Euskaraz, Arabako ikastolen aldeko jaia. Ekainaren 11n izango da. Aurtengoa 43. edizioa du, eta Aguraingo Lautada Ikastolaren aldekoa izango da. Hori bai, Arabako zortzi ikastolak ari dira jaia antolatzen, auzolanean. Edo, aurtengo leloari jarraikiz, elkarrekin. Izan ere, Ekin da leloa: ekin aditza eta -ekin deklinabide kasua. Hala, euskararen eta ikastolen mugimenduaren aldeko lana, konpromisoa eta elkarlana irudikatu nahi izan dituzte antolatzaileek. 43. Araba Euskarazen hitzordu nagusia ekainaren 11n izango bada ere, jaia dagoeneko martxan da, urte osoan hainbat ekitaldi antolatu baitituzte Arabako eskualdeetan. Urte osoko dinamikari Olarizun jarriko diote ginga, egun osoko egitaraua antolatuta. Xehetasun guztiak arabaeuskaraz.eus webgunean ikusi ahal dira.