Azukrearen ordez edulkoratzaileak erabiltzea, argaltzeko, ez da gomendagarria
Pisua kontrolatzeko, askotan gozagarriak erabili ohi dira, azukrea beharrean: sakarina, estebia, aspartamoa eta abar. Bada, OME Osasunaren Mundu Erakundeak halakorik ez egitea aholkatu du. Gaiari buruzko hainbat ikerketa aztertu ondoren, berriki plazaratutako gida batean egin du aholkua. Izan ere, epe luzera, zenbait gaixotasun eta kalte eragin ditzakete gozagarriek. Esaterako, 2 motako diabetesa, gaitz kardiobaskularrak eta heriotza helduengan. Horrenbestez, OMEko adituek azaldu dutenez, osasuna hobetzeko hobe da dietaren gozotasuna gutxitzea edulkoratzaileak erabiltzea baino. Hau da, janariak eta edariak azukrerik gabe edo azukre gutxiagorekin hartzea. Hori bai, OMEren esanetan, aholkua ez da beti aintzat hartu behar. Adibidez, edulkoratzaileok botiketan, ukenduetan eta hortzetako oreetan erabiltzen direnean.