Eusko Jaurlaritzak euskara babes bereziko kultur ondasun immaterial izendatzeko bidea hasi du

Euskarari babes handiagoa emateko asmoz, babes bereziko kultur ondasun1 immaterial izendatzeko prozedurari ekin dio Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak. Hark jakinarazi duenez, “izendapen honen gakoa ez da euskara hizkuntza gisa soilik aitortzea2, baizik eta euskarak euskal kultura sortu, transmititu eta birsortzeko duen gaitasuna aitortzea”. Izan ere, euskararen bidez, memoria, ezagutzak, ohiturak eta mundua ulertzeko moduak transmititu izan dira belaunaldiz belaunaldi: abestiak, toponimia, jaiak, dantzak... Izendapen honek “prestigio handiagoa eta aitortza juridiko eta administratibo handiagoa” emango dizkio euskarari. Irailaren erdian hasi zituen izapideak3 Jaurlaritzak. Aitortzak badu aurrekaririk4: 2024an, bertsolaritza izan zen EAEn halako izendapena lortu zuen lehen ondare-elementua.
1. Ondasun: bien (es), bien (fr).
2. Aitortu: reconocer (es), reconnaître (fr).
3. Izapide: trámite (es), démarche (fr).
4. Aurrekari: precedente (es), précédent (fr).
