Père-Lachaise munduko hilerri bisitatuena
Bisitari eta turista asko joaten dira urtero Parisko Père-Lachaise kanposantura, han pertsonaia famatuak daudelako hilobiratuta1. Adibidez, Jim Morrison poeta eta abeslaria (1943-1971), Oscar Wilde idazlea (1854-1900), Edith Piaf kantaria (1915-1963), Frédéric Chopin konpositorea (1810-1849) eta Honoré de Balzac idazlea (1799-1850). María Callas (1923-1977) sopranoa ere han erraustu2 zuten, baina gero Egeo itsasoan bota zituzten errautsak. Bestalde3, hilerria lorategi erraldoia da, Parisko erdialdeko berdegune handiena: landare eta zuhaitz asko daude (5.000 baino gehiago), eta ibilaldi ederra egin ahal da bertan. Hilerrian sartzeko ez da ordaindu behar, baina bisita gidatuak 15-20 € balio du.

Inaugurazioa: 1804an.
Kokapena4: Errepublika plazatik 2 km eskasera.
Bisitariak: 3,5 milioi inguru5 urtean.
Hilobiak: 80.000 inguru.
Hedadura6: 44 hektarea.
1. Hilobiratu: enterrar (es), enterrer (fr).
2. Erraustu: incinerar (es), incinérer (fr).
3. Bestalde: por otra parte (es), d'autre part (fr).
4. Kokapen: ubicación (es), localisation (fr).
5. Inguru: en torno a (es), près de (fr).
6. Hedadura: extensión (es), extension (fr).

