Arrainek ez dute kalkulagailurik behar
Arrainek batuketak eta kenketak egin ditzakete, Bonn-eko Unibertsitatean egindako ikerketa batek erakutsi duenez. Scientific Reports aldizkarian kaleratutako ikerketak ur gezetako bi arrain espezie aztertu ditu: ziklido mota bat (Pseudotropheus zebra) eta arraiak (Potamotrygon motoro). Guztira, espezie bakoitzeko zortzina arrain. Urdin eta hori koloreko txartelak erabili zituzten ikerketan. Urdina batuketaren sinboloa zen, eta horia kenketarena. Horiekin jokatuz, hainbat ate baliatzeko aukera ematen zitzaien arrainei, eta ate zuzena hautatuz gero, saritu egiten zituzten. Oro har, emaitza onak lortu zituzten. Hori bai, batzen kentzen baino errazago ikasi zuten. Batuketetan, ziklidoek % 78 asmatu zituzten, eta arraiek % 94; kenketetan, aldiz, ziklidoek % 69 eta arraiek % 89. Hau da, arraiek gehiagotan asmatu zituzten erantzun zuzenak. Ziklidoek gutxiagotan egin arren, azkarrago ikasi zuten eragiketak egiten.