Finlandia da munduko herrialderik zoriontsuena
Seigarren urtez jarraian, Finlandia izendatu dute munduko herrialderik zoriontsuena Zoriontasunaren Munduko Indizean. Gallup Institutuak egiten du sailkapena, NBE Nazio Batuen Erakundeak sustatuta. Zoriontasun maila neurtzeko, hainbat faktore hartzen ditu aintzat: per capita errenta, gizarte babesa, bizi itxaropena, oinarrizko erabakiak hartzeko askatasuna edota ustelkeriarik eza. Aurten, gainera, Ukrainako gerraren edota COVID-19aren eragina ere kontuan hartu dute. 2023ko sailkapenean, herrialde hauek daude Finlandiaren ondoren: Danimarka, Islandia, Israel, Herbehereak, Suedia, Norvegia, Suitza, Luxenburgo eta Zeelanda Berria. Azken postuan, aldiz, Afganistan ageri da. Euskal Herriari dagokionez, Frantziaren eta Espainiaren emaitzei erreparatu behar: 21. eta 32. ageri dira zerrendan, hurrenez hurren. Hori bai, 2022tik biek egin dute atzera.