Urmuga 2023, ia prest
Urmugak mendebaldetik ekialdera zeharkatzen du Euskal Herria: Gorobel mendilerrotik Auñamendiraino, ibaietako urak Bizkaiko Golkora edo Mediterraneo aldera bideratzen ditu. Lerro horri berari jarraituko diote Urmuga 2023ko partaideek ere, egun bateko ibilaldietan, uztailaren 12an Angulo portuan hasi eta 30ean Hiru Erregeen Mahaian bukatu arte. Urmuga ekimenak euskara, natura eta musika lotzen ditu, eta aurtengo edizioak ere ibilbideko leku, gailur eta herri esanguratsuenetara eramango ditu musika kontzertuak. Hainbat estilo, belaunaldi eta kantaera bilduta, guztiak ariko dira Et Incarnatus Orkestraren ingurumarian. Euskal artista askok parte hartuko dutela baieztatu dute (Aire ahizpak, Alaitz eta Maider, Baigorriko gaiteroak, Donostiako Orfeoia, Eñaut Elorrieta, Korrontzi, Mikel Urdangarin, Olaia Intziarte...), baina zerrenda ez dago oraindik guztiz itxia. Aurreko edizioetan bezala, euskal mendietako naturagune zoragarriak agertoki bihurtuko dira musikaz natur eremu garbian gozatu nahi duen ororentzat. Informazio gehiago, www.urmuga.eus atarian.