‘Emakumeak zientzian’, gizarte osoaren onurarako
Badator Emakumeak zientzian ekimenaren zazpigarren edizioa. Otsailaren 11n ospatuko da Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna, eta egun horren karietara egingo da zientzia emakumeen kontua ere badela erakusten duen ekimena. Hogeita lau erakundek antolatu dute elkarrekin, eta otsailaren 8tik 17ra egingo da. Zientzian ari diren emakumeen lana ikustarazteko, zientzia gizonezkoen kontua delako ustea desegiteko eta neskak eta nerabeak zientzia ikasketetara erakartzeko egiten da Emakumeak zientzian. Aurtengo helburu nagusia honako hau izango du: gizon eta emakumeen arteko erantzunkidetasunaren garrantzia azpimarratzea, guztion artean zientzia eta teknologia berdinzaleagoak sustatzeko. Horretarako, guztira 50 ekintza baino gehiago egingo dira. Gainera, Gipuzkoan ez ezik, aurten Bizkaian ere antolatuko dituzte jarduerak. Askotariko eta ororentzako ekintzak, www.emakumeakzientzian.eus webgunean bildu dituzte guztiak.