2021ean, 4,4 segundoan behin haur edo gazte bat hil zen
Bost urteak bete aurretik 5 milioi haur hil ziren munduan 2021ean, eta bost eta hogeita lau urte arteko beste 2,1 milioi. Urte berean, 1,9 milioi ume jaio ziren hilik munduan. NBE Nazio Batuen Erakundeak jakinarazi ditu datuok bi txostenetan. NBEk gehitu duenez, heriotza horietako asko ekiditeko modukoak ziren, baldin eta hainbat tokitako ama, haur eta jaioberriek kalitatezko eta bidezko osasun zerbitzuak izan balituzte. Izan ere, herrialdearen arabera, hiltzeko arriskua ez da berdina: Saharaz hegoaldeko Afrikan jaiotako haurrek hiltzeko duten arriskua Europakoena eta Ipar Amerikakoena baino 15 aldiz handiagoa da, adibidez. Eta eskualde berean ama batek umea hilik erditzeko arriskua, Europan eta Ipar Amerikan baino 7 aldiz handiagoa. Kopuru horiek gutxitzeko borondate politikoa ezinbestekoa dela nabarmendu du NBEk, eta herrialde txirotuetako osasun zerbitzuak hobetzeko neurririk hartu ezean egoerak okerrera egingo duela.