Muturreko ideologien jarraitzaileek gehiago sinesten dituzte konspirazio teoriak
Konspirazio teoriak ez dira gaur goizekoak. Egungo munduko agintari politikoak estralurtarrak direla dioten teoriak bezala, historian izan dira antzekoak, eta mota guztietakoak. Berriki, sineskeria horiek aztertu dituzte 26 herrialdetan eginiko bi inkestaren bitartez. Nature Human Behaviour agerkarian azaldutako emaitzen arabera, muturreko ideologia dutenen artean ugariagoak dira halako teoriak sinesten dituztenak; hots, politikan zentroa izendatzen den horretatik urrutien daudenen artean, izan ezkerrekoak ala eskuinekoak. Hori bai, ultraeskuindarren artean joera nabarmenagoa da. Guztira, 100.000 inkesta baino gehiago egin dituzte Ipar Amerikan eta Europako mendebaldean. Horrela, munduko beste herrialde askotako pentsamoldeak alde batera utzi dituzte; hortaz, nahiko azaleko ikerketa da. Zergatiak, faktoreak, hedatzeko bideak... galdera ugari sortzen dira. Ikerketaren egileak reptilianoak ote diren galdetuko duenik ez izatea espero dezagun, behintzat!