Arabako Txapelketa apirilean hasiko da
Urtarriletik apirilera jokatzekoa zen Arabako XV. Bertsolari Txapelketa. Haatik, otsaileko AIZU!n argitaratu genuen moduan, udaberrira atzeratzea erabaki zuen Arabako Bertsozale Elkarteak, COVID-19aren kontrako neurriek ez zutelako txapelketa behar bezala antolatu eta burutzerik uzten. Bada, txapelketak baditu datak orain: apirilaren 1ean hasiko da, Amurrion, eta ekainaren 11n amaituko, Gasteizen. Final-zortzirenetatik finalera, lau fase izango ditu txapelketak. Hogeita hamar bertsolarik hasiko dute, eta soilik seik parte hartuko dute Gasteizko finalean. Nolanahi ere, txapelketaren xehetasun guztiak aurrerago aletuko ditu Arabako Bertsozale Elkarteak, martxoaren 19an aurkeztuko baitute. Beraz, udaberrian Araban bertsoak ere loratuko direla, zalantzarik ez!