Europako lehen gatazka handia Guardian izan zen
Arg.: Funtsa: Bibat - Arabako Arkeologia Museoa
Neolito garaian gertatu zen, duela 5.000 urte inguru, Europako lehen gerra handia, egun Guardia (Araba) dagoen lurretan. Orain arte uste izan da lehen borroka handia 1.000 urte geroago izan zela, Alemanian. Hala dio, behintzat, Valladolideko Unibertsitateko (Espainia) Teresa Fernandez Crespo irakasleak zuzendutako ikerketa batek. Scientific Reports aldizkarian argitaratutako ikerketan, Aranzadi Zientzia Elkarteko zenbait kidek ere parte hartu dute. Arabako Errioxako San Juan Portam Latinam aztarnategian topatutako 338 giza hezurdura aztertu dituzte. 1980ko eta 1990eko hamarraldietan aurkituak, gehienek indarkeria zantzuak dituzte: geziek eragindako zauriak eta garezurreko traumatismoak, besteak beste. Horiek interpretatuta ondorioztatu dute gatazka handi, antolatu eta luzea izan zela, “gutxienez hainbat hilabete iraun zuena”. Eta, batez ere, gizonek egindakoa. Orain arte adituek uste zuten Neolitoan ez zutela gerra luze eta handiak egiteko ahalmenik, eta borrokak motzak eta talde txikien artekoak izaten zirela.