‘Hezkuntza Eredurik Ez’ adierazpena plazaratu dute
Helduen Euskalduntze Alfabetatze sektoreko Herri Ekimeneko Euskaltegi gehienek, AEKrenek ere bai, Hezkuntza Eredurik Ez adierazpena adostu eta kaleratu dute. Bertan, kezkatuta ageri dira EAEko Hezkuntza Lege berria idazteko prozesuak daraman martxagatik. Orain arteko ereduen sistemak ez duenez “nondik inora bermatzen etorkizuneko belaunaldi euskaldun eleaniztunak sortzea”, behar-beharrezkoa deritzote euskarazko ikasketa eredu orokortua abian jartzeari, belaunaldi berriei euskararen ezagutza egokia ziurtatzeko. Halaber, lege proiektuak hizkuntzaren eremuan hutsune nabarmenak dituela iritzita, azaldu dute orain dela “muga horiek gainditu eta jauzia emateko” unea. Hala, Hezkuntza Lege berriak euskara gehiago behar duela adierazi dute, “gutxien duenari gehiago eman ahal izateko”.