Omako basoa berriz zabaldu dute
Amaitu da Omako basoaren lekualdatzea eta zabalik da dagoeneko. Agustin Ibarrola hilberriak Kortezubin (Bizkaia) sortutako proiektua 2018an itxi zuten, segurtasun arrazoiengatik. Tokiz aldatzea erabaki zuten, Ibarrolak margotutako pinuz osatutako basoa bizirik mantentzeko. 2022an hasi zen lekualdatzea, eta, behin amaituta, Kortezubiko beste paraje batean bisita daiteke orain. Aldaketa egiteaz hainbat arlotako kideek osatutako talde bat arduratu da, Fernando Bazeta EHUko irakasleak gidatuta. Emaitza, Omako baso jasangarriagoa eta osoagoa, baita Ibarrolaren jatorrizko ideiarekiko leialagoa ere. Izan ere, handitu egin dute. Horrela, Ibarrolak jatorrizko proiektuan margotu ezin izan zituen multzoak ere sartu dituzte: guztira, 34. Bisitarientzako bidezidor erosoago eta irisgarriagoak prestatu dituzte, eta zuhaitzak babesteko neurriak hartu. Hori bai, basoa ikusteko aurretiko erreserba egin beharko da Bizkaiko Foru Aldundiaren webgunean.