Hitanoa hizpide izango dute Oñatin
Euskal Herriko I. Hika Topaketa egingo dute, Oñatin, azaroaren 10ean. UEU Udako Euskal Unibertsitateak eta Badihardugu euskara elkarteak antolatu dute elkarlanean, hitanoa bultzatzen aritzen diren eragileak batzeko asmoz. Azken urteotan, hitanoa biziberritzeko egitasmoak ugaritu egin dira, baina askotan nor bere kasa ibiltzen da, besteak zertan dabiltzan jakin gabe. Horrek, halaber, elkarlana eragozten du. Horrenbestez, eragileok elkar ezagutzea du helburu topaketak, baita lankidetzarako bideak jorratzea ere. Horretarako, topaketan mahai-inguruak egingo dituzte Euskal Herrian garatzen ari diren hainbat egitasmo ezagutzeko. Era berean, iritziak eta esperientziak partekatu, eta proposamenak egiteko aukera emango dute. Topaketan, “adituak baino, arituak” bildu nahi dituzte (tartean, AEK-ko hainbat izango dira). UEUren webgunean (www.ueu.eus) eman daiteke izena, eta egitarau osoa ezagutu. Dagoeneko taldea beteta badago ere, itxaron zerrenda zabalik dute.