Euskaraldia eraginkorra dela diote iazko edizioko datuek
2022ko azaroaren 18tik abenduaren 2ra egin zen hirugarren Euskaraldia, eta, aurreko bi edizioetan bezala, Siadeco ikerketa kooperatibak ariketa soziala ikertu du. Azterketaren emaitzek Euskaraldia eraginkorra dela erakutsi dute, besteak beste. Goiatz Urkijo Euskaraldiaren koordinatzaileak azaldu duenez, “2022an ariketan parte hartu zutenen bi herenek, intentsitate ezberdinetan bada ere, hizkuntza ohiturak aldatu dituzte”. Hori bai, parte hartzaileen kopurua txikiagotu egin dela ere jaso du ikerketak: iazko ariketan 158.440 lagunek eman zuten izena, 2020ko edizioan baino 19.744 gutxiagok (% 11,1eko murrizketa). Batez ere, gazteen eta gizonezkoen artean jaitsi da izen-ematea. Bestalde, aurreko edizioko joerari jarraituz, ahobiziak (% 77,6) belarriprestak (% 22,4) baino gehiago izan dira. Arlo kuantitatiboan zein kualitatiboan beste datu ugari eskaini ditu ikerketak, eta gogoeta prozesua ere hasi dute antolatzaileek, betiere 4. Euskaraldia ostertzean edukita.