Iazko udako beroak 61.000 heriotza eragin zituen
Neurketak daudenetik, iazkoa izan zen historiako udarik beroena Europan. Bero handi horren eraginez ohikoa baino heriotza tasa handiagoa izan zela ohartarazi zuen Eurostat EBko estatistika erakundeak. Orain, Nature Medicine agerkarian argitaratutako ikerketa batek zenbaki zehatzak jarri dizkio: 2022ko maiatzaren 4tik irailaren 4ra, 61.672 pertsona hil ziren Europan. Bartzelonako Institut de Salut Global ikerketa zentroak egin du ikerketa, Frantziako Institut national de la santé et de la recherche médicale (INSERM) erakundearekin batera. Europako 35 herrialdetako 823 eskualdetako 543 milioi lagunen datuak aztertu dituzte. Ikerketaren arabera, Italian hil zen jende gehien: 18.000 lagun. Ondoren, Espainian (11.324) eta Alemanian (8.173). Heriotza tasaren arabera, Italian 295 hildako izan ziren milioi bat biztanleko; Grezian, 280; eta Espainian, 237. Europan, batez beste, 114 hildako milioi bat biztanleko. Hildako gehienak adinekoak izan ziren, batez ere. Gainera, emakume gehiago hil ziren (35.406) gizonezkoak baino (21.667).