Ilargia uste zena baino 40 urte zaharragoa da
Ilargiak 4.460 milioi urte ditu, gutxienez. Hau da, orain artean uste zena baino 40 milioi urte gehiago, Geochemical Perspectives Letters aldizkarian argitaratu duten ikerketa batek dioenez. Chicagoko Unibertsitateko (AEB) Philipp Heck irakasleak eta Glasgowko Unibertsitateko (Eskozia) Jennika Greer geologoak zuzendu dute ikerketa. Apolo 17 misioko astronautek 1972an Ilargitik ekarritako harriak aztertu dituzte, teknika berriak baliatuta. Zehazki, Ilargitik ekarritako laginek dituzten kristal ñimiño batzuk aztertu dituzte, zunda atomikoko tomografia izeneko metodo analitikoa erabiliz. Lurra sortzen ari zenean jaio zen Ilargia. Eguzki Sistema sortu berritan, Marteren tamainako objektu erraldoi batek Lurraren kontra jo zuen; bada, talka haren hondakinak trinkotu zirenean sortu zen Ilargia. Datak, alabaina, eztabaida sortzen zuen. Lehenago ere, beste ikerketa batek oraingoak kalkulatutako adina aipatu zuen. Orduko hura berretsi du, hortaz, ikerketa honek.