Lehor
Noiz pasatuko ote da eguraldia igogailuko gai txatxu izatetik benetako hizpide serio izatera? Edo, akaso, jada bihurtu da? Izan ere, azkenaldian, eguraldiari dagokionez ez da giro. Datuek argiro erakusten dute joera, eta hankabiko arruntok ere ederki sumatzen dugu: bero bolada ugariagoak, eurite bilakatutako euriak... Sumatu, eta nozitu, azken asteotan hizketagai den lehortea, kasu. Kezka zena arazo bihurtzear dago. Euri gutxi egin du azkenaldian, eta iragarpenak ez dira onak. Horrek, jakina, ondorio larriak ditu. Nafarroako erdialdeko eta hegoaldeko abeltzain eta nekazariak uzta asko galduko dela ohartarazten ari dira, eta horrek guztiak ekarriko dizkigun kalteak gogora ekartzen: elikagai askoren ekoizpenean murrizketa, prezioen igoera... Klima aldaketaren joerak ikusita, gainera, pentsa daiteke gaurko euriak ez dituela biharko arazoak konponduko. Hots, sakoneko aldaketak eta neurriak behar dira agintarien aldetik. Nahiz eta, euriarekin bezalatsu, ezin gehiegi espero. Bien bitartean, egun eguzkitsuei “eguraldi ona” esaten jarraituko dugu, noski.