Itsaso zabala babesteko itun historikoa NBEn
Ia bi hamarkadako prozesuaren ostean, Nazio Batuen Erakundeko estatu kideek 2030erako ozeanoen % 30 babesteko konpromisoa hitzartu dute. Itunak legezko markoa eskaintzen du itsas eremu zabalak mugatzeko, horrela bertako basa bizitza babestu eta baliabide genetikoen erabilera arautu ahal izateko. Gainera, aldian-aldian goi mailako bilerak egitea adostu dute, estatu kideek gobernantzari eta biodibertsitateari buruzko kontuak eman ditzaten. Haatik, 193 estatuen arteko akordioa “historikoa” dela onartu arren, erakunde ekologistek eta zientzialariek adierazi dute oraindik badagoela hobetzeko asko. Izan ere, adibidez, herrialdeek hitzartu dute lehendik martxan dauden hainbat erakundek (arrantza, itsas garraioa eta ur sakonetako meatzaritza arautzeko ardura dutenak, besteak beste) orain arte bezala jarrai dezaketela lanean, itunean ezarritako ingurumen inpaktuaren ebaluaziorik egin behar izan gabe.