Lian muralgileak Ondarroan eginiko horma irudia, munduko hirugarren onena
2022an munduan egin ziren muralen artean, hirugarren onena izan da Lian artistak Ondarroako Kamiñazpi auzoan eginikoa. Street Art Cities atariak urtero egiten du munduko ehun mural onenak aukeratzeko bozketa. Urtarrileko AIZU!n jakinarazi genuenez, Lianen lana bozketaren azken fasean zegoen, Euskal Herriko beste birekin batera: Nexgraff-ek Trintxerpeko Ziritza Etxean egindakoa eta Wedo Goas-ek eta Safont-ek Tuteran sortutakoa. Azken emaitza, esandakoa: Lian artista katalanak Ondarroako saregileak eta herriko emakumeak omentzeko egindako lana hirugarrena izan da. Tuterakoa, berriz, seigarren geratu da, eta Trintxerpekoa hamargarren. Mural irabazlea Studio Giftig-ek Herbehereetako Tilburg hirian egindakoa izan da, eta bigarrena Marin Ron-ek Buenos Airesen (Argentina) margotutakoa. Lian lehendik ere agertu izan da munduko ehun onenen artean: 2019an, 45.a izan zen, Leitzako Atekabeltz gaztetxean egindako muralari esker.