Bikingoek beren animaliekin bidaiatzen zuten
PLOS ONE aldizkarian argitaratutako artikulu baten arabera, Durhamgo (Britainia Handia) Unibertsitateko arkeologoek ondorioztatu dute bikingoek beren maskotak beren itsasontzietan eramaten zituztela. Badirudi Daniar Gudaroste Handiak ere hala egin zuela, IX. mendearen amaieran Ingalaterraren zati handi bat konkistatu zuenak. Heath Wood-en (Derbyshire, Britainia Handia) egindako indusketa batean aurkitu dute hori frogatuko lukeen lehen ebidentzia zientifikoa: ustez Norvegiatik eta Suediatik heldutako bi gizakiren, txakur baten eta zaldi baten gorpuzkiak aurkitu dituzte. Han egindako meta batean erre zituzten bikingoek beren hildakoak (ordurako, erritu hau desagertua zen Britainia Handiko biztanleen artean, kristau bihurtu zirelako), eta errautsak muino baten azpian lurperatu. Ikertzaileek estrontzioaren isotopoei esker jakin dute zaldia eta txakurra Britainia Handira eraman egin zituztela, haien gorpuzkietan aurkitutako estrontzioari esker gizakien eta animalien aztarna geografikoa ezagutu ahal delako.