Euskal Herriko lehen Jatunaldi Lodiak Gernikan
Irailaren 9tik 11ra, Gernikako Astra gunean, Euskal Herriko I. Jatunaldi Lodiak egingo dituzte. Ezin kabitu! lelopean, “lodifobiak zeharkatutako gorputzen politikak” aztertuko dituzte bertan biltzen direnek. Horretarako, mahai inguruak, tailerrak, kontzertuak, bakarrizketak, dantzaldiak eta bestelako ekintzak antolatuko dituzte. Loditasuna baztertu eta gutxiesten duten arau, pentsamolde eta joerak nagusi diren jendartean ez dutela kabitu nahi aldarrikatuko dute jardunaldietan. Hala, “zapalkuntza sistema honekin nazkatuta dagoen bollo-trans-marika eta emakume oro” gonbidatu dute “gurekin moldeak apurtzera, gainezka egiten duten haragien astindutik mugak gainditzera”. Jardunaldiei buruzko informazio guztia www.jatunaldiak.net webgunean bildu dute.