Mendiak ezagutu, babesteko
Maite duzuna zaindu ezazu izeneko kanpainarekin, Arabako Mendiak Aske plataforma Arabako zenbait mendi ezagutzeko ibilaldiak egiten ari da toki horietan jarri nahi dituzten parke eolikoen proiektuak salatzeko. Izan ere, Mendiak Askekoek azaldu dutenez, “ezagutzen ez dena ezin da defendatu”. Eusko Jaurlaritzak eta energia enpresa pribatuek bultzatutako proiektu horien aurka dago Arabako Mendiak Aske mugimendua. Megaproiektuak izanik, ingurumenean kalte handia eragingo dutela salatu du behin eta berriz plataformak. Hala, energia berriztagarriak ezartzeko bestelako bideak baliatu behar direla aldarrikatzen du. Uztailaren 23an egin zuten lehen ibilaldia, Aramaion, eta abuztuaren 20an bigarrena, Azazetan. Hurrengo hitzorduak hauek izango dira: irailaren 10ean, Orozkon; 24an, Kantoblankon; eta urriaren 29an, Amurrion. Azkenik, azaroaren 26an, kontzentrazioa egingo dute Gasteizen. Informazio zehatza www.arabakomendiakaske.com gunean ikus daiteke.