Obesitateak epidemia maila hartu du Europan
Europako helduen % 59k eta haur eta gazteen % 28k obesitatea dute. Horrenbestez, gaitzak “pandemia maila” hartu duela jakinarazi du OME Osasunaren Mundu Erakundeak. Arazoa gero eta handiagoa da, gainera. OMEk Txosten batean jaso ditu datuok. Europari dagokionez, 53 herrialdetako datuak hartu ditu aintzat, Errusia barne. OMEren esanetan, Amerikaren ostean, obesitate tasarik handiena duen kontinentea da Europa. Era berean, ohartarazi du Europako ezein herrialdek ez dituela beteko 2025erako gaixotasun ez kutsakorrak murrizteko ezarritako helburuak. Obesitatearen ondorioak ere nabarmendu ditu OMEren txostenak, besteak beste Europako herrialdeetako heriotzen % 13 eragiten dituela; eta kutsakorrak ez diren gaixotasun asko ugaritzen dituela gogorarazi du, gaixotasun kardiobaskularrak, minbizia, diabetesa eta arnas gaixotasun kronikoak, kasurako. Egoera aldatzeko neurri politikoen beharraz gaztigatu du OMEk.